ZIZURKIL 1615

Bazen herri txiki bat…

«Su Magestad, como Rey de la Provincia de Guipuzcoa, haze merced al lugar de Çiçurquil haziéndole villa.» 1615eko urtarrila zen. 

2015ean, beraz, 400 urte bete ziren Espainiako Felipe III.ak, ustelkeriak eta zorrak itota eta dirutza baten truke, hiribildu edo villa izateko baimena saldu zigunetik. Urteurren honek galdera sorta eragiten digu kolkoan: zer gertatu zen benetan duela 400 urte? Edo eta nola jaio zen Zizurkil? Nondik dator? Nola bilakatu da gure herria sorrera hartatik «villa» bihurtu bitarte? 


Klikatu txostena jaisteko

Hernandorena Kultur Elkartea galdera hauei erantzuten saiatu da eskura duzun proposamen honekin eta gure herriko historian oinarrizko eta ezinbesteko iruditu zaizkigun hamasei saltotan, urratsetan, non bizi garen eta gure herria Zizurkil nola eraiki zen azaltzen saiatu gara.

Iturri askotatik edan dugu ikerketa prestatzeko garaian. Artxibo-lanetan ere orduak pasa behar izan ditugu, bai herrikoan, bai Tolosakoetan, baita urrutiagoetan ere: Iruñeko katedrala, Valladolideko Errege-Chancilleria, Simancasko Artxibo Orokorra… Baina esker bereziak eman nahi dizkiogu Juan Carlos Mora ikertzaileari. Berak idatzitako Zizurkilgo historiari buruzko bi liburuak gida eta zutabe nagusi bilakatu baitzaizkigu gurea eraikitzeko orduan. 

Lan honek ez du tesi doktorala izan nahi. Ez da horretarako jaio. Gure bezeroa herritar xumea da, Zizurkilgo historiari buruzko jakinmina duena eta kontu zahar batzuek atseginez irakurriko lituzkeena. Haiengana iritsi nahi izan dugu liburuxka honekin. Ea lortzen dugun.

Hiribildu izan bitarte, bide luzea egin
zuen Zizurkilek. Bide hori 16 paneletan laburbildu genuen.
Klikatu irudian panel guztiak ikusteko.

 

Hernandorena Kultur Elkarteak
400. urteurrenaren harira
prestatutako txostena eta panelak
aurkeztu zituen Atxulondo Kultur Etxean.

 

2015eko maiatzaren 16an, 100dik gora zizurkildarrek
BAZAN HERRI TXIKI BAT… ikuskizuna taularatu zuten,
antzerkia, bertsoa, kantua, dantza
eta zuzeneko musika biltzen zituena.
Ideiatik hasita, ikuskizun guztia
herritarrek beraiek sortu eta taularatu zuten.