TOPONIMIA eta BAILARAK

Herriko egituraketa berreskuratzen

Toponimia herri baten historia liburua da, gure aurreko arbasoek utzitako arrastoa eta bere barruan gordetzen du informazioa: paraje, lanbide edo erabilera baten deskribapena, kolorea, neurri edo kokapen bat… Euskaltzaindiak dioen bezala, bereziki administrazioari dagokio toponimia-ondarea jasotzea, egonkortzea eta hedatzea.

Baina 1936ko faxisten kolpe militarraren ondorengo administrazio frankistak Zizurkilgo toponimia aberatsaren jatorrizko izen historikoak zokoratu eta Sakabanatuarekin aldatu edo ordezkatu zituen denak.

Guztion egitekoa da, eta herriko administrazioarena bereziki, leku izen horiek berreskuratzea, haien idazkera zuzen eta kokapen zehatza jakitea eta gaur oraindik Zizurkilen darabilgun toponimia nahiz oroimenean bizirik dirauena zaintzea eta berreskuratzea. Izan ere, Zizurkilek duen aberastasun toponimikoaren zehaztasun faltak eta ez erabilera administratiboak sekulako galera dakar. Garbi dago: erabiltzen ez den toponimoa desagertu egingo da.

Hernandorena Kultur Elkarteak prestatu eta partekatu duen herriko bailarei eta toponimiari buruzko txostena eta ekimena azaltzeko prestatu zuen aurkezpena.

Horregatik, Hernandorena Kultur Elkarteak Zizurkilgo Udalarekin partekatu nahi izan du herriko toponimia historikoaren egokitzapenari eta erabilerari buruz prestatu dugun txostena. Lanaren funtsa toponimiaren eta, bereziki eta zehazki, Zizurkilgo bailaren egituraketa historikoen eta baserrien jatorri-deiturak ofizialtzea da.

Gauzak bere onera eramateko asmotan, Zizurkilgo Udalak eta Hernandorena Kultur Elkarteak plangintza bat prestatu dute elkarrekin, Zizurkilgo baserrien, etxeen eta bailaren jatorrizko izenak berreskuratu eta ofizialak izan daitezen. Hari horretan, lehen urrats handia 2016ko uztailaren 27an eman zen, Udal Osoko Bilkurak Zizurkilgo bailaren mugaketa eta helbide berriak aho batez onartu zituenean.

Ikusirik proposatu diren toponimoen aurrean bai Euskaltzaindiak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailak eta baita Kultura eta Euskara Batzordeak bere oniritzia eman dutela, Udalbatzak bozketa egin zuen 2018ko martxoaren 7ko Ohiko Bilkuran aurkeztutako proposamena. Aipatutako Ohiko Bilkuran, Udalbatzak Zizurkilgo Toponimia dokumentua aho batez onartu zuen bere osotasunean.

Bestalde, Udalak erabaki zuen dagozkion neurriak hartuko dituela lan honen ondorioz sortu diren aldaketak bere eguneroko lanen islada izan dezaten eta aldatu diren toponimoen normalkuntza lor dadin. Azkenik, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak 2018ko ekainaren 29ko 125. zenbakian jasotzen duenez, arauzko informazio publikorako epea inolako erreklamazio eta oharpenik aurkeztu gabe igaro ondoren, finko eta behinbetirako altxa da «Zizurkilgo Toponimia» izeneko dokumentua, 2018ko martxoaren 7an Udal Osoko Bilkurak onartutakoa.

AIURRI aldizkariak 2018.06.22ko 519. zenbakian ekimenari eskaini zion artikulua.

Zizurkilgo Udalak ekoizten duen Plazaberri aldizkariak ere Toponimia ekimenari eskaini zion 2018.06.29ko 25. alea.

Ia 100 urte geroago, egoera horri buelta ematea izan dute helburu baina XXI. mendera egokituz. Horretarako urteetako lankidetza egin du Hernandorena Kultur Elkarteak Udalarekin, bi ardatzetan oinarrituz:

– bat, fideltasun historikoari ahalik eta gehien so egitea

– eta bi, oinarri hori hartuta, denborak eragin dituen behar berriei erantzun berriak ematea

Bost bailaratan banatu da herria, lau historikoak, Akezkobailara, Buztinbailara, Elbarrena eta Mendibailara, laurak Pello Mari Otaño plazan abiapuntua dutela. Herritarrekin kontsulta eginda, bosgarren bailara bat eratu da, Ergoiena izenarekin. Zizurkilgo Otaño plaza ingurua berriz Herrigunea gisa izendatu da. 

Baserrien helbide eta toponimo historikoak ere ofizial bihurtu dira eta etxeen eta bailaren kokapena zehazten duten mapa gisako panelak jarri ditu Udalak. Horrela, Herrigunetik ateratzen diren bost errepideak ardatz hartuta, etxe eta baserrietara heltzeko modua seinalatu da jarri diren bost panelen bidez. Herriko mapa osoa jasotzen duen seigarren panel orokorra Pello Mari Otaño plazan kokatu da. Panel hauekin batera, etxe bakoitza identifikatzen duen 189 kartel jarri ditu Zizurkilgo Udalak.

Panel orokorra.

Adunibar aldera

Mugirozar aldera

Nekola aldera

Olentzaro aldera

Zarate aldera

Eraikinen
zenbaketa

Handitzeko,
irudien gainean
klikatu.