MUGARRIAK

Herria biltzen duten harriak
Proiektu honetan Zizurkilgo Udal-mugak zehazteko lurrean sartuta jarri diren harrizko mugarri iraunkorrei buruz ari gatzaizue, gure arbasoen gizartean balio eta garrantzi handikoak ziren zutarriak alegia.
2019. urtearen amaieran, kultura-ondarearen zaletu talde bat elkartu ginen Zizurkilek inguruko udalerri guztiekin partekatzen zituen udal-mugarriak bilatzeko eta ikertzeko xedez. Taldea 4 lagunek osatu genuen: Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteko Julian Arrastoa Agote eta Joxin Azkue Gabilondo batetik, Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko Yoseba Alonso Arratibel eta Javi Castro Montoya bestetik.

Zer dira mugarriak?  Zer da Orreagako 1389ko pergaminoa?

Zizurkilgo mapa ekartzeko (24 Mb, 5.433 x 7.795)

Udalerriko perimetro osoa modu sistematikoan zeharkatu, arakatu eta geolokalizatu dugu, zatika-zatika, maiz antzinako toponimoak berreskuratuz. Bestalde, Zizurkilgo Udal-artxibategiko dokumentuak goitik behera aztertu ditugu. Zizurkilekin mugakide diren Aiako, Adunako, Amasa-Villabonako, Andoaingo eta Asteasuko udal-artxibategiak arakatu ditugu. Valladolideko Chancillerian, Tolosako Gipuzkoako Artxibo Nagusian eta Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan ere dokumentuak lortu eta erabili ditugu lan honetan. Horren guztiaren emaitza da aurkezten ditugun 135 mugarrien fitxak, dokumentazioak eta multimediak.

Laburpen-liburuxka ekarri

Aipamen berezia egin behar zaio Orreagako Kolegiatan jasotako 1389ko pergamino baten eta Zizurkilgo Udal Artxibategian gordetako beste pergamino baten arteko loturaren aurkikuntzari. Pergaminoaren zatiak, 700 urte baino gehiago Orreagan eta Zizurkilen bananduta egondakoak, bere osotasunean elkartu genituen Orreagan modu publikoan 2021eko irailean.

Zailtasun berezia izan dugu Zizurkilek Aia aldean dituen Etzetamendi eta Otalurreta barrendegien nondik-norakoak ulertzeko, gehienbat lurralde horiei buruzko dokumentazio eskasagatik, ia ezagatik. Azpimarratu behar da inguru horretako bizilagun bakanek adeitasunez lagundu digutela, zeukaten eta zekiten informazioa eskainiz.

Eta ez genuke sarrera hau amaitu nahi aipatu eta eskertu gabe ikerlan-prozesu osoan zehar jaso dugun Zizurkilgo Udalaren babes iraunkor eta etengabea; izan ere, laguntza hori ezean nekez gauzatuko genukeen ikerketa hau. 

Egileak. Zizurkil, 2022ko urrian.

 

Txostena ongien ikuskatzeko, artxiboa deskargatzea eta bi orrialdeka,
ezker-eskuin ikustea gomendatzen dugu.