HERRIOLA

Herri librea eta Atxulondo

Hernandorena Kultur Elkarteak Atxulondoko burdinolaren inguruan zerbait egiteko proposamena luzatu eta ideia handitzen eta handitzen joan zen Zizurkilen. 2017ko maiatzean zehar ola martxan zegoen garaian girotutako azoka batekin hasi, herri antzerkiarekin jarraitu eta konturatzeko izugarrizko dimentsioa hartu zuen ekimenak. Herrigintzarako «faktoria» izan eta herri giroa sustatu zuen, kanpotik ezer ekarri gabe, herritarron trebeziaz baliatuz. 

 

Egun osoa bete zuen HERRIOLA izeneko ekimenaren ikuskizun nagusia Erdi Aroan girotutako antzezlana izan genuen.
Atxulondo burdinola eta haren ingurune natural babestua ezagutarazteko Hernandorena Kultur Elkarteak liburuxka hau prestatu zuen, herriko etxe guztietara zabaldu zena. Oso era grafikoan burdinolek nola lan egiten zuten ikus eta irakur daiteke bertan, baita Atxulondo burdinolaren nondik-norakoak ere.

Urrian gaian aditu den Iago Irixioarekin solastu genuen Zizurkil eta  Gipuzkoako Erdi Aroko bizimoduaz.

Maiatzaren 6an Atxulondo burdinola eta haren ingurune natural babestua   ezagutarazteko ibilaldia prestatu zen.

2015ean 400 urte bete ziren Zizurkilek Tolosatik bereizi eta herri libre bezala bere etorkizunaren bideari ekin zionetik. Urte hartako Maiatza Saltsan ekimenetan biziki gogoratu zuen Zizurkilek gertakari haren urteurrena eta herritar anitzek parte hartu zuen ospakizunetan Intxaur pilotalekuan eskaini zen antzerki dotore baten bidez. Ongi frogatu zen herritarren artean prestatutako ekimenek izaten dutela arrakastarik handiena.

Hari segida emanez, ekimen berri bat proposatu zaio 2017 honetan Zizurkilgo herriari: HERRIOLA izeneko proiektua. Presentzia handia izan du ekimenean ATXULONDO BURDINOLAK, herrian dugun altxorrik ikusgarrienetakoa bezain ezezaguna. Ikustekoak dira bertan mendetan zehar jardun zuen burdinola, baita haren ingurune natural miresgarria ere.

 

Ekimen nagusia maiatzaren 20ko jai egunean burutu zen: egun batez, Zizurkil Erdi Arora ekarri genuen, nahiz Joxe Arregi plaza ez den lan horretarako egokiena. Goizeko lehen ordutik garai bateko lanbideak irudikatzen zituzten puestoekin bete genuen plaza. Han ziren izkribauak, okinak, zapatariak, harginak eta zurginak, odolkigileak, perratzaileak, lantresnagileak eta xextogileak, ukendugileak, lore eta barazki saltzaileak eta, nola ez eta bereziki, Atxulondo burdinola bera. 

Ez ziren faltatu haurrentzako jolasak ere. Ikuskizun nagusia, baina, Erdi Aroan girotutako antzezlana izan genuen: Donostiako Okendotarren eta Zizurkilgo Donemiliagatarren seme-alabaren arteko ezkontza handikiaren prestaketa irudikatu zuten. Azkenean, ordea, Atxulondoko matxinoek gidatutako herritarrek jauntxoei aurre egitea lortu zuten.  

Nola ez, plazan bertan egin genuen bazkari bikaina. Arratsaldeko dantza eta erromeriek eguna borobildu zuten. 

Argi ikusi da herritarrok modu askotara parte har dezakegula, bakoitzak egiten dakien hori eskainiz: postu bat jarriz, herri bazkarian zerbitzatuz, antzerkian aktore zein figurante gisa arituz, postuetako montajean edo desmontajean lagunduz, dekorazioa prestatuz, edo baita ikusle gisara hurbilduz ere.

Laburbilduz, esan daiteke HERRITARROK HERRITARRONTZAT EGINDAKO JAI APARTA izan dela.

ZORIONAK, ZIZURKIL!!

 

2017ko Maiatza Saltsan ekimenaren aurkezpena egin zen Udaletxean.

Alberto Urigoien argazkilariak egunean zehar ateratako 335 argazki bikainen bilduma eskaini digu. 

 

42 argazki

138 argazki

150 argazki