Otañotarren etxeetan zehar |
Pello Mari Otañoren heriotzaren mendeurrenaren ospakizun-ekitaldien artean Otañorekin zer ikusia izan duten etxeetan zeharreko pare bat orduko paseotxo lasaia prestatu zen. Ekimena «Otaño – Barriolatarren Ibilbidea» izenarekin bataiatu zen eta 2010eko maiatzaren 9ko igandean egin zen. Teodoro Mujika kontalari nagusi, geldialdi bakoitzaren atarian etxe horrek Otañotarrekin izan duen atxikimenduaren historia kontatu ziguten eta lotura horrekin harremana zuen bertso bana kantatu.
|
Adunibar baserria oso lotuta egon da beti otañotarrekin. Errekalde Zaharraren arreba bat etorri omen zen bertara bizitzera eta hortik datorkie bi etxeei lotura estua. |
|
Lehen Karlistada aurretik, Larrauldik Zizurkilgo Errekalde baserrira ezkondu zen Pello Mari Otaño Tapia, bertako alaba Maria Mikela Lasa Errotetarekin. Hortik datorkio Errekalde Zaharra deitura. Bikotearen seme zaharrena Joan Pello izan zen (Pello Mariren aita).
Errekalden jaio ziren Pello Mari Otaño eta honen anai-arrebak eta etxeari jarraipena osaba Joxe Bernardok eman zion. |
|
1859an hamar lagun bizi ziren Errekalden. Gainezka, beraz, etxea. Errekaldeko lurretan etxe berri bat egitea erabaki zuten. Leku estrategikoa hobetsi eta erabaki zuten: Karidadeko Bentan elkartuko ziren Zizurkilgo herrigunetik eta Adunatik zetozen bi bideak, handik batera Villabonara jarraitzeko. 1860an, lehen aldiz “Venta de Caridad” izeneko etxe bat agertzen da agirietan. Diru askorik ez eta badirudi auzolanean eraiki zutelako jarri ziotela etxeari Karidade izena. Joan Pello hargina izanik, Karidadeko Benta nagusiki berak eraikiko zuen. |
|
Joxe Bernardo Otañok Errekalde pareko Aduna partean eraiki zuen Belen etxea 1898an, berari gogoko zitzaion egutera gozo batean, jaiotetxetik hurbil, balkoi handi eta erloju dotore eta guzti. “Gertuago egoteagatik, etxe berri bat egin zuan, Belen izenekoa, balkoi eder batekin. Erlojua ere antxe jarri zuan. Botana eta kanala ere bai, igeltsotegiarentzat.” Igeltsoa erretzen egun batean eukitzen zuten, eta gero igo edo txeetu errotan. Zakuetan sartu eta saltzera eraman.” |
|
Adunako lurretan dagoen Izagirre etxea ere estuki lotuta egon da Otañotarrekin. Izan ere, familiakide izanik, Joxe Bernardok maiz erabili zuen Izagirre bere bila Errekalde baserrira etortzen ziren karlistengandik ihesi eta gordetzeko. |
|
Pello Mariren Barriola bigarren abizenarekin, berriz, Zizurkilgo hainbat etxe lotuta ditugu. Esaterako, Iragorri.
Bizitzak elkartuta, elkar oso erlazionaturik ibili ziren bi familiak, Otaño eta Barriola. Bi etxeetako kideak elkarrekin ezkondu ziren, biak udal ardurak eraman zituzten Zizurkilen eta elkarri diru maileguak egin zizkioten. Gainera, Errekaldeko Otañotarrak eta Iragorriko Barriolatarrak liberalak izaki, bi familiak ihesi ibili ziren Karlistadetan. Beraz, esan daiteke bi sendien artean sare sozial estua osatu zutela. |
|
Lehen Karlistadan gauzak okerrera jo zuten Barriolatarrentzat. 1837an, adibidez, Frantzisko Maria Lizarragak inguruko herrietako liberalen etxeen informazioa eta zerrenda egin zuen.
Frantzisko Maria Barriolaren aitaginarreba zen Manuel Fermin Ameztoi villabonatarrari Errekalde, Kamioaundi, Kamiotxiki, Amabi eta Luzuriaga kendu nahi izan zizkien. Ameztoi familia Nafarroatik iritsia zen 1754an eta badirudi hauek eraiki zutela Zizurkilgo Plazaetxeberri. |
hhhhhhhhhhhh
|
|