Interneten

Bertso zaharrak, baliabide berriak
Kontaezinak dira Pello Mari Otañoren aipamena jasotzen duten Interneteko sarrerak. 
Adibide gisara, hona hemen  Interneten zintzilikatutako eta gure bertsolari handiaren figuran oinarritu diren
hainbat bideo.

BIDEGILEAK sailaren 33. alea Pello Mari Otaño Barriolari eskainia izan zen. Bideo honetan Xabier Euskitze egileak lanaren nondik-norakoak aurkezten dizkitu. 

 

Gillermo Aldalur «Pikua» soinujoleak (Azkoitia, 1933) erromerietan jo zuen gehien bat, Elosu, Gabiria eta Aizpurutxon batez ere. Azken urteetan Lazkaon bizi zen. Loiola, Segura eta Arrate irratietan grabatu zituen bre doinuak. Audio honetan Pello Mari Otañoren AITA SEMEAK bertso ezagunak jasotzen ditu eta Inazio Zubizarretak jarri zion ahotsa Pikuaren soinuari.

 

7 ESKALE besteak beste Unai Iturriagak eta Igor Elortzak 90. hamarkadan sortutako musika taldea da. Hasieran poberziaren aurkako emanaldiak prestatu zituzten Euskal Herri osoan zehar. Pare bat diska atera zituzten musikari askoren laguntzarekin: Balerdi Balerdi, «Mahoma», Bixente Martinez… Lehendabizikoan («Bertso berriak pobreziari jarriak», 1995), Otañoren LIMOSNATXO BAT bertsoak kantatu zituzten, «Mutil koxkor bat» izenburuarekin. 

 

1898an Pello Mari Otaño hirugarrenez eta behin betikoz joan zen Argentinara. Jendetza bildu zen Pasaiara, Otaño handiari agur esatera. Beste zenbait bertsolarirekin batera, han zen Joxe Manuel Lujanbio Txirrita ere. Pasaiara bildutakoen txalo eta malko artean ezkutatu omen zen ostertzean Otañoren familia zeraman «Corsica» baporea. Euskaldun askoren gogoan geratu dira Txirritak orduan Otañori bota zizkion agurreko bertsoak, Migel Aldasoro donostiarra kasu. Honi buruzko xehetasun gehiago: http://www.ahotsak.eus/donostia/pasarteak/don-148-015/

 

Argentinan Bigarren Mendeurrenaren ospakizun jaietan Egoitz Zelaia eta Gorka Berasategi euskal argentinarrek Pello Mari Otañoren ZAZPIAK BAT bertsoak kantatu zituzten Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegian 2010eko maiatzaren 15ean, Otaño hil zeneko mendeurrena gogora ekarriz eta bat eginez Zizurkilen karia horretara egin ziren ekitaldiekin.

 

Pello Mari Otañoren heriotzaren mendeurrena (2010) gogora ekarri nahi izan zuten Argentinan bertan ere. Mar del Platako Euskal Astean, adibidez,Euskal Argentina Iparraldeko Elkarteak omenaldia egin nahi izan zion olerkari zizurkildarrari.

 

Argentinan bizi ziren euskaldunek aldizkari bat ateratzen zuten Buenos Airesen: La Baskonia. Han argitaratu zituen Pello Mari Otañok bere bertso asko eta asko. Horietako bat izan zen «Zazpiak bat» izenekoa, «Zazpiak oihal batetik»  izenarekin ere ezaguna, 1900. urtean plazaratu zena eta Otañoren bertsorik ezagunenetarikoa bihurtu dena. 

 

Oskorri 1971 sortu eta 2015 arte jardun duen euskarazko folk musika talderik garrantzitsuenetakoa izan da. Euskal Herriko herri musikaren sustraia hartuta, mundu zabaleko instrumentuak eta musikak txertatzen jakin zuen eta hainbat belaunaldirentzako erreferentzia bihurtu da 40 urtetik gorako ibilbide luze horretan. Oskorrik Pello Mari Otañori ere kantatu zion: “Limosnatxo bat”.

hhhhhhhhhhhh