Herriko Seme Kutuna

Zizurkildarron herri-oroimenean

2010eko maiatzaren 7an ehun urte bete ziren Pello Mari Otaño (1856-1910) Argentinako Rosario hirian zendu zenetik. Mendeurrena ospatzeko Hernandorena Kultur Elkarteak eta Zizurkilgo Udalak hainbat ekimen prestatu zituzten. Agian esanguratsuena ehun urte betetzen ziren egun berean Zizurkilgo Udaletxean egin zen ekitaldi instituzionala. Bertan Zizurkilgo Udal Batza bereziak, herritar guztion izenean, Pello Mari Otaño Herriko Seme Kutuna izendatu zuen. 

Aretoa herritarrez lepo beteta, han ziren aurrean bizirik zirauten Otañoren bi bilobak: Susana Ardanaz Otaño “Txuri” eta Amelia Otaño. Biak hunkituta jarraitu zuten aitona Pello Mariren omenaldi-ekitaldia. 

Lehendabizi Pello Esnal idazle, irakasle euskaltzainak Pello Mari Otaño Seme Kutuna izendatzearen zergatiak azaldu zituen txosten bikaina irakurriz. Bihotz-ukituta jarraitu zituzten hitzok han elkartutako herritarrek. Segidan Udal ordezkariek izendapenari aho-batez baiezkoa eman zioten. Marianjeles Lazkano alkateak hitza hartu zuen eta Pello Mariren bilobei oroigarri bana eman zien. 

Ekitaldi instituzionalaren ondoren, olerkari zizurkildarraren izena daraman herriko plazan jarraitu zuen ospakizunak. Pello Mari Otañoren bustoaren aldamenean mendeurrena eta Herriko Seme Kutuna izatea gogora ekarriko duen plaka estalgabetu zuten Txuri eta Amelia bilobak. Ondoren, Ohorezko Aurreskua dantzatu zuten herriko dantzariek. Han bildu ziren Jexux Mari Irazu eta Sebastian Lizaso bertsolariek pare bat bertso bota eta gero, Kantu-bira taldekoek beste pare bat abesti eskaini zituzten plazako jardunaldiari amaiera emanez. Gero herri-afaria etorri zen.

hhhhhhhhhhhh

Pello Esnal idazle eta Otañoren adituak prestatu zuen Seme Kutuna izendatzeko txostena, hemen behean eskura duzuna.

 

 

hhhhhhhhhhhh